HAMAIKA

Mitxel Lakuntza: "Digitalizazioa eta trantsizio ekologikoa erdigunean jarri behar dira"

Este navegador no soporta el elemento video.


Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Paradigma aldaketa baten aurrean gaude lan munduan, eta erronkak ez dira gutxi. Sindikalgintzaren aldetik, digitalizazioa eta trantsizio ekologiko eta soziala erdigunean jarri beharko liratekeela adierazi du Lakuntzak, eta halako gaiak erdigunean jartzeko hautua hartzea garrantzitsua dela.

Estatu osoko greben % 42, ia erdia, Euskal Autonomia Erkidegoan izan dira. Lakuntzak greba gehiago aurreikusten direla baieztatu du, borroka eta greben bitartez lorpenak posible egiten direlako. SIndikatu batek "inoiz ezin duela" Greba Orokorraren aukera baztertu nabarmendu du.

Osakidetzak bizi duen egoerak asko kezkatzen duela azaldu du, planifikazio eta inbertsio falta nabaria dela eta ez dela "batere ona" izan sistema publikoaren kudeaketa. Tartean, osakidetzaren plantilla ez da handitu behar bezala, ez da egonkortu eta lan baldintzak ez dira zaindu, "osakidetzan aurten egiten ari den inbertsioa iazkoa baino txikiagoa da. Osakidetza pikutara doan bitartean, lehentasunak AHTan kokatu dira". Lehen arreta "kolapsatuta" ez dagoela esatea "ridikulua" dela nabarmendu du Lakuntzak, Gobernuak gaur egun dauden arazoak "propagandarekin ezkutatu" nahi dituela, beraz, hau guztiari erantzun eta konponbide bat aurkitzeko grebak egin eta borrokan jarraituko dutela azaldu du.

Gutxieneko diru-sarreraren igoera 1000 eurora igotzea "lorpen bat bezala saldu" dela salatu du, eta ez-nahikotzat jo du. Era berean, lan erreforma onartu ondoren, EAJ eta EH Bildu alderdiei eskatu die "eskakizunak plazaratzen jarraitzeko Espainiako Gobernuan"; batez ere, tokiko hitzarmenak gailentzeko.

EAEko Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaz galdetuta, edukirik ez duela iritzita, bertan parte hartzeko intentziorik ez duela berretsi du. "Espainiako Elkarrizketa Mahaiaren sukursal bat" bezala jotzen duela leporatu dio CCOOri eta "sindikatuentzat tranpa bat" dela gaineratu du, "patronalarentzat altxorra" den bitartean.

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.