01 MAR. 2022 - 13:48h Gorka Urtaran "Apustu sendoa egiten ari gara Gasteizen neutraltasun klimatikoaren alde'" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Gorka Urtaran Gasteizko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Gaurtik aurrera, martxan da Gasteizen autobus elektriko adimenduna. Neutraltasun klimatikoa lortzeko, hiriek duten paper garrantzitsua azpimarratu du Urtaranek: "Gasteizen apustu sendoa egiten ari gara neutraltasun klimatikoaren alde, horretarako, hiriko mugikortasuna jasangarria izan behar da ahalik eta gehien". Gaurtik, Gasteizen 6 autobus dira guztiz elektrikoak direnak, eta adierazi duenez, hemendik gutxira, 12 izango dira. Mugikortasun jasangarriaz gain, beste erronken artean daude, azaldu duenez, energia berriztagarriak sustatzea eta CO2 emisioak murriztea mugikortasuna, egoitza eta etxebizitza eta industria alorretan. Hiriburu berdea izatetik, neutraltasun klimatikoa duten Europako 100 hirien artean egoteko hautagaitza aurkeztu du Gasteizek. Hiriburuko aktualitateari helduta; Memorialaren inguruko obretan aurkitutako Erdi Aroko arrastoak direla eta, Urtaranek argi utzi nahi izan du horiekin lotutako erabakia ez duela Udalak hartu, aditu talde bat baizik. Grafitien eta muralen arteko desberdinketa egin nahi izan du alkateak, eta duela hilabete martxan jarritako araudia grafitiekin amaitzeko "emaitzak" izaten ari duela azaldu du. Bestalde, Eudelek eta Emakundek bultzatutako Berdinsarearen "garrantzia" azpimarratu du Udalerri guztientzat, berdintasunaren alorrean politikak aurrera eramateko "ibilbide orria markatzen" duelako. Dioenez, "oraindik bide luze bat dugu benetako berdintasuna lortzeko". Martxoak 3ko sarraskiaren 46.urteurrena beteko da aurten; biktimen Memoriala sortzeko "urrats batzuk" eman direla azaldu du Urtaranek; Elizan egin beharreko inbertsioak aztertu eta fundazioaren sorrera. Martxoak 3ko biktimei "babesa eta maitasuna" helarazi die, eta Estatu mailan "aitortza behar" dutela azpimarratu du. Martxoak 3 elkartearekin eta Memoria Gara elkartearekin elkarlana "oso garrantzitsua" izango dela gaineratu du. Azkenik, Tourra 2023. urtean Euskadira itzultzea eta Gasteizera itzultzea "oso berri ona" dela esan du, eta "pozik" dagoela Gasteizentzat eta Euskadirentzat ekarriko duenarekin. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.