HAMAIKA

Idoia Zalbide, Petronor langileak borrokan: "2019ko akordiotik ez dira adostutakoak bete"

Este navegador no soporta el elemento video.


Idoia Zalbide Petronor langileak borrokan plataformako kidea izan dugu Hamaika Telebistan.

Petronorreko langileek bizi duten egoera salatzeko greba egunak dituzte enpresan. Izan ere, Idoiak azaldu duenez, 2019an zuzendaritzak eta komiteak sinatu zuten akordiotik, oraindik, ez dira adostutakoak bete. Sinatutakoa ez bete izanak langileen lan baldintzetan eragin zuzena izaten ari da, "lan karga askoz handiagoa da, bai orduei zein karga propioari begira" adierazi du Idoiak, "iaz 30.000 aparteko ordu baino gehiago egin ziren". Horrez gain, greba egunen balorazio positiboa egin du, langileriaren borrokarako prestutasuna nabarmenduz.

Mobilizazioen harira, enpresaren jarrera "aldatzen ari" dela ikusten ari dutela dio; baina momentuz "aitzakiak" jartzen ari direla akordioan sinatutakoa betetzeko. Horregatik, langileen kontratazioa gertatu arte mobilizazioekin jarraituko dutela argi du.

Petronorreko langile zuzenak ez ezik, azpikontratatutakoek ere ari dira mobilizazio eta greba deialdiekin. Euren lan-baldintzak "okerragoak" direla azaldu du Zalbidek; lan baldintzei, behin-behinekotasunari eta segurtasun neurriei dagokionez.

Aurrera begira eta krisi klimatikoaren testuinguruan emango diren aldaketen aurrean ere "kezkatuta" daudela azaldu du Zalbidek; enpresak egingo dituen aldaketen "parte" izan nahi dutela nabarmenduz.

Euskal Herriko sektore desberdinetan ematen ari diren mobilizazioen harira, langileei mezu bat bidali nahi izan die Zalbidek; "ez badugu guk borrokatzen, ez du inork egingo". Patronalari ere zuzendu zaio esanez "aurrean izango" dituela langileak.

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.