07 MAR. 2022 - 15:25h Arrate Illaro: "Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamen praktiko bat dakar" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea izan dugu Hamaika Telebistan. Euskaraldiaren bigarren edizioaren gaineko ikerketa aurkeztu berri dute, eta azaldu duenez, Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamen praktiko bat dakar; eta ahobizi eta belarriprest moduan parte hartzen dutenek eta ariguneak sortzen dituzten entitateek urrats berriak ematea lortzen dutela. Lehen eta bigarren Euskaralditik aldaketak nabariak izan direla adierazi du, izan ere, pandemiak baldintzatuta izan zen bigarren edizioa. Hala ere, gizarteak erantzun ona izan zuela azpimarratu du, eta ikusten dela interes eta ilusioa badagoela, “halako egoera zail batean, gizarteak erantzun zuen; horrek, lanean jarraitzeko indarrak ematen dizkigu”. Aurtengo edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko da. “Berriz kaleak berreskuratu” nahi dituztela azpimarratu du Arratek. Hirugarren ediziorako egoera normalizatuago batean egotea eta ”lehenengo edizioko txinparta berriz kalera ateratzea” espero dute. Bestalde, azpimarratu du oraindik ere jende gehiago dagoela hizkuntza gaitasunaren arabera aukeratzen duena rola, eta ez hizkuntza jokabide edo portaeraren arabera. Horrez gain, aurtengo helburu nagusiena, ahobizi eta belarriprest bezala parte hartzen duten herritarrak euskaraz bizitzeko bide horretan urrats berriak ematea da; "orain arte egon diren lorpenak bistaratzea eta herritarrek aldez aurretik euren lehentasunak erabakitzea nahiko genuke" azaldu du. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.