HAMAIKA

Arkaitz Antizar, CCOO: "Langile klasea ezin da bihurtu gerra eta krisien erantzule"

Este navegador no soporta el elemento video.


Arkaitz Antizar CCOO sindikatuko ordezkaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Ukraina eta Errusiaren arteko gerrari begira kontzentraziora deitu zuen atzo CCOO sindikatuak, "bakea, demokrazia, elkartasuna" lelopean. Egoera zaila izaten ari dela azaldu du ordezkariak, gerra eta krisi guztietan langile klasea dela beti kaltetua irteten dena, “potentzien arteko gerren kaltetu nagusia ezin da langile klasea izan”.

Energia eta argindarraren prezioaren igoerari dagokionez, arazo nagusia prezioa nola finkatzen den dela adierazi du, energia garestienak gainontzeko energien prezioa finkatzen duen aldetik,prezioak finkatzen dituen sistemaren oinarriak aldatu behar direla azpimarratu du. “Gobernuak ausartak izan behar dira, beste modu bateko prezioen finkapena erregulatu eta gu, sindikatu bezala, gure rol soziopolitikoen eragingo dugu ahal dugun neurrian”.

Era berean, eta herritarren erosteko ahalmena bermatzeko, hitzarmen berrien negoziazioetan soldataren gaiari helduko diotela azaldu du. Ildo beretik, Espainiako Gobernuak adostu nahi duen errentaren paktuan, Antizarrek azaldu du CCOOk "ez duela onartuko" soldatan soilik oinarritzea eta ez beste esparru batzuetan neurriak hartzea, "energiaren prezioari mugak jarriz", esaterako.

Otsaileko langabezia datuei erreparatuta, "positibotzat" jo dituzte, izan ere 129 langabe gutxiago dago EAEn eta kontratazio mugagabeak azken 12 urteetako gorakadarik handiena izan dute. Dena den, "oraindik garaiz" dela azaldu du lan erreformaren ondorioak ikusteko.

Emakume langileek pairatzen duten soldata arrakalaz ere mintzatu da Antizar; "sistematikoki" gertatzen dela nabarmendu du, eta datuekin lagundu du esandakoa. Legez 50 langiletik gorako enpresek behartuta egongo dira berdintasun planak egitera, eta Antizarrek azpimarratu du "zailena" soldata arrakalari heltzea dela enpresen aldetik. Gai honetan "diagnostikoak hartzen du garrantzi handiena", azaldu du. Plan horiek betearazteko, lan ikuskaritzak egitearen beharra nabarmendu du sindikatuko kideak.

Lan istripuez, Antizarrek adierazi du "erlazio garbia" dagoela azpikontratazioen eta lan istripuekin.

Datorren astearterako deituta dago Elkarrizketa Sozialeko Mahaia, baina CCOO oraindik "hausnarketa fasean" dagoela azaldu du Antizarrek, eta beraz, "oraindik ez dakitela ziur" agertuko diren ala ez.

Bestalde, sindikatuak egindako bi proposamenez aritu gara: amiantoaren eraginpean dauden langileen senideei aldizkako baheketak egiteko Osasun Sailari egin dioten eskariaz eta, bestetik, euskara ikasi ahal izateko funts publikoekin ordaindutako lan-baimenak sortzeko proposamenaz.

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.