HAMAIKA

Food Cluster: "Prezioen igoerak eta kontsumitzaileen erantzunak dira gehien kezkatzen gaituena"

Este navegador no soporta el elemento video.


Jon Ander Egaña Monasterio Basque Food Clusterreko zuzendaria izan dugu Hamaika Telebistan.

Euskadiko elikaduraren balio kateko elkartea da Basque Food Cluster, lehiakortasun sektoriala sustatzen duena. Egun, elikadura sektoreak bizi duen egoeraz galdegin diogu. Izan ere, une zailak bizi izan ditugu azkenaldian, tartean, pandemia, garraiolarien greba eta Ukrainako gerraren ondoriozko inflazio altua. Egoerari eutsi eta aurre egitea baino ez dela geratzen azpimarratu du Egañak. Azaldu duenez, pandemia aurretik elikadura sektorearen proiekzioa ona zen eta pandemiak erakutsi du elikadura sektoreak ondo funtzionatu duela.

Gerrak ordea, elikadura sektorean tentsio uneak eragin dituela azaldu du; elektrizitate eta energiaren garestitzearekin batera material batzuen eskasia eragin baitu, tartean, ekilore oliorena. Berebat, gehitu du nahiz eta Ukrainako gerra luzatu, ez dela elikagai eskasiarik egongo. Ekilore olioaren gabeziari aurre egiteko, aldiz, neurriak hartzen hasiak direla azaldu du bai Europan zein Estatu mailan.

Horrez gain, garraiolarien grebak funtzionamendu kateak apurtu dituela esan du, gehituz, agian, egoera hori izan dela pandemia baino zailagoa. Hala ere, baikor agertu da Elikadura Klusterreko zuzendaria, eta enpresak egoera desberdinetara egokitzeko gaitasunaren garrantzia jarri du mahai gainean.

Sektorea gehien kezkatzen duena, prezioen igoerak eta kontsumitzaileen erantzunak direla adierazi du. Kontsumitzaileen eskaerak eta portaerak ditu abiapuntu Klusterrak. Egañak adierazi du ohiturak egunetik egunera aldatzen ari direla, eta produktu jasangarriagoak eta osasuntsuagoak eskatzen ari direla kontsumitzaileek. Prezioan soilik arreta ez jartzea eskatu du Elikadura Klusterraren zuzendariak; baizik eta osasunean, ingurumenean eta ekonomian duten inpaktuan, eta ildo horretatik tokiko produktuen aldeko apustua bultzatzeko aukera bat zabaltzen dela azaldu du.

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.