21 SET. 2022 - 14:52h Xabier Legarreta: "Iragaitzeko migrazio fenomenoaren aurpegirik gogorrena ikusi dugu" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Legarretak azpimarratu du azken bi urteetan iragaitzeko migrazio fenomenoaren “aurpegi gogorrena” ikusi dugula Bidasoa ibaian. Adierazi du bertan gertatzen dena ez dela administrazio edo elkarte baten erantzukizuna: “Europa mailako gai pendiente da”. Zentzu horretan, azpimarratu du jendarte eta sistema osoaren “porrota” dela. Frantziako poliziak jartzen dituen kontrolak “selektibotzat” eta “arrazistatzat” jo ditu, eta baita bestelako jokabideak ere, deboluzioak, esaterako: “Horiek guztiak salatu egin behar dira, eta izen-abizenak jarri”. Izan ere, salatu du horren ondorioz Irunera heltzen diren migratzaileak beste bide batzuk topatzeko ahalegina egiten dutela, eta gehienetan bide horiek arriskutsuagoak direla. Hori horrela, “bide seguruak” eskatu ditu, eta horretarako, beharrezkotzat jo ditu korridore humanitarioak. Legarretak adierazi du Irunera heltzen diren migratzaileen %95a baino gehiago beste herrialde batera joaten dela, eta gehitu du Europa mailan, Espainia dela asilo gutxien onartzen dituen lekua: “%92tik gora ezeztatu egiten dira". Eusko Jaurlaritzaren errekurtsoez galdetuta, nabarmendu du migrazio eta atzerritartasun lege gehienen zein muga kontrolen konpetentzia Espainiako Gobernuak duela: “Estatuko sistemaz gain, guk geure errekurtsoak ditugu: Oñatikoa, Tolosakoa, emakumeei zuzendutako Berrizkoa…” Horrez gain, adierazi du kontingentzia plana prest dutela errekurtso gehiago behar badira, eta hori Eusko Jaurlaritzak kontrolatzen duela erabat. Espainiako Gobernuak Atzerritartasun Legean egin berri duen aldaketa “aurrerapausotzat” jo du, baina dio lan arloan jarri dutela arreta: “Orain arte baimenak kudeatzeko orduan sustraitze soziala eta laborala eskatzen zuten, eta orain, formakuntzarekin lotutakoa sortu dute. Ez dakigu nora arte justifikatu ahalko diren ikastaro batzuk”. Hori horrela, azpimarratu du beste arlo batzuk ere hobetu egin behar direla. Eskola segregazioa izan du hizpide, eta nabarmendu du ez dela Hezkuntza Sailaren ardura soilik; bestelako arloekin batera landu behar den gaia dela dio, etxebizitzarena, esaterako. Hori horrela, azpimarratu du administrazioaren erronka dela gizarteko aniztasun kulturala “positiboki” lantzea. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.