HAMAIKA

Inaxio Oiarzabal, Sare: "Sufrimendua eragiten duten edozein politika irauli behar da"

Este navegador no soporta el elemento video.


Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, sufrimendua eragiten duten edozein politika eta erabaki “irauli” behar da, eta, zentzu horretan, nabarmendu du behin betiko atzean utzi behar dela salbuespenezko espetxe politika: “Horrek sekulako pausoa ekarriko luke elkarbizitzaren norabidean”.

Urriaren 8ko mobilizazioaren balorazio “positiboa” egin du Oiarzabalek, eta azpimarratu du ikusi zela herritarrentzat “lehentasunezkoa” dela salbuespenezko espetxe politika bertan behera uztea. Horrez gain, egoera honekin amaitzearen aldeko herritarren, alderdi politikoen eta sindikatuen “kontsentsu zabala” balioetsi behar dela azpimarratu du: “Ikusi dugu sentsibilizazio ezberdinek bide hau egiteko eta bide honetan jarraitzeko beharra ikusten dutela; Izan Bidea ekimenaren aniztasunaren isla izan zen larunbateko eguna".

Positibotzat” jo du “pixkanaka bada ere” euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea; hala eta guztiz ere, nabarmendu du aldarrikatzen jarraitu behar dela euskal preso guztiak euskal herriratzeko erabakiak “lehenbailehen” har ditzaten; izan ere, azpimarratu du fase hau amaituko dela euskal preso guztiak Euskal Herrian daudenean.

Horrez gain, Oiarzabalek azpimarratu du euskal preso guztiak oraindik ere ez direla dagozkien eskubide guztien jabe, eta besteak beste, adierazi du, 30 preso inguru daudela 3. graduan, baina 65 inguruk egon beharko luketela: “Oraindik oztopo handiak daude, eta oztopo guztiak gainditu beharko ditugu". Oztopo horien artean aipatu du Espainiako Audientzia Nazionala, gradu progresioen erabaki asko atzera bota dituelako, eta horren ondorioz, hainbat presok espetxeetara itzuli behar izan dutelako.

Zentzu horretan, Oiarzabalek azpimarratu du legeak jasotzen duela graduen progresioa dela birgizarteratzearen oinarria. Era berean, dio 3. graduan edo baldintzapeko askatasunean dauden preso kopuruak erakusten duela ez dagoela arazorik euskal presoen kasuan ere horrelako pausoak emateko: “Inolako oztoporik gabe utzi behar zaie presoei bidea egiten”.

 

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.