20 OCT. 2022 - 13:11h Ane Lekuona, Jaizkibel: "Instituzioen babesa da gatazka hau konpontzeko gakoetako bat" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Ane Lekuona Jaizkibel konpainiako kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, 25. urteurreneko ospakizunak aitzaki hartuta. Lekuonak azpimarratu du konpainiak ez duela instituzioen babesa izan, eta uste du hori dela gatazka konpontzeko “gakoetako” bat. Aurtengo festen ondoren negoziazio mahaia martxan jartzeko deia egin zioten alkateari, baina salatu du ez dutela erantzunik jaso: "Gu beti egon gara elkarrizketarako prest, baina beti ateak itxita sentitu ditugu". Hamarkada hauetako bidea zailtasunez eta oztopoz betetakoa izan da, baina nabarmendu du konpainiak gero eta babes handiagoa duela, baita herrian ere: “Horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen digu”. Izan ere, argi dute helburua: “Alarde bakarra eta publikoa eskatzen dugu; herria guztiona, eta jaia ere bai”. Lekuonak adierazi du hainbat emakumeri eta gizoni Jaizkibel konpainiak bakarrik eman diela alardean parte hartzeko aukera. Era berean, dio pasatako beldurrek eta minek “merezi” izan dutela, baina zauriak hor daudela, eta sendatu egin behar direla: “Gertatu denaren oroimena berreskuratu behar dugu”. Kontent da konpainiaren egoerarekin, eta azpimarratu du alardeak bilakaera izan duela, eta belaunaldi aldaketa ere gertatu dela: “Neska gazteagoak naturaltasun osoz ikusten ditugu festan parte hartzen; etorkizuna indartsu dator”. Hain zuzen, belaunaldi aldaketa horren erakusle izango da, besteak beste, 25. urteurrena ospatzeko larunbaterako antolatu duten Loratzen jaialdia: “Larunbateko eguna baliatuko dugu eskerrak emateko gure haziak izan zirenei, eta urte hauetan babesa eman digutenei”. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.