07 NOV. 2022 - 13:31h Paul Bilbao: "Euskara ikas eta irakas hizkuntza duen ereduak izan behar du oinarri" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bilbaok nabarmendu du Hezkuntza Legearen proiektuak jaso duela ikasle guztiek euskarazko B2 gaitasuna izan behar dutela Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean. Bere esanetan, ordea, aurreproiektuak ez du zehazten horretarako bidea, eta dio hori dela “gakoa”. Hainbat eragilerekin sinatutako Batuz Aldatu dinamika ere izan du hizpide, eta nabarmendu du euskalgintzaz haragoko hainbat eragilerekin “eduki zehatzetan oinarritutako argazkia” lortu dutela. Adostasun horrek bi elementu nagusi dituela azpimarratu du: ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskaren erabilera erosorako espazioak sortzea: “Benetan euskara berreskuratuko bada orekatu egin behar dira ezagutza eta erabilera osorako espazioak sortzea”. Datozen 15 urtetan administrazioa euskalduntzeko ELA eta LAB sindikatuekin aurkeztutako proposamenaz ere hitz egin du, eta adierazi du administrazioak “aukera paregabea” duela aurrera egiteko “erabaki egokiak hartuz gero”: “Proposamen pragmatikoa egin dugu sindikatuekin batera; botere publikoak esango baligu 20 urteko epean beteko litzatekeela sinatu egingo genuke; afera epea jartzea da”. Hori horrela, azpimarratu du momentu “egokia” dela hizkuntza politikak birplanteatzeko eta aurrera begiratzeko “jauzia” egiteko: “Alderdi politikoek bat egin behar dute adostasun horrekin eta abian jarri behar dituzte norabide hori ardatz izango dituzten hizkuntza-politikak”. Gehitu du funtzionario edo langile gaiek erakutsi behar dutela lan horien funtzioak betetzeko euskarazko ezagutza egokia daukaten, eta dio tituluen sistema gainditzeko proposamena luzatu dutela, “justuagoa”: “Langileei eskatu behar zaie dagozkien funtzioak euskaraz betetzeko gaitasuna erakuts dezatela”. Euskaraldia ariketa “interesgarritzat” jo du “euskalahalduntze ariketa” bat delako, baina azpimarratu du Euskal Herrian herritar ugari dagoela ez dena ez ahobizi eta ez belarriprest, eta dio horregatik hitz egiten dutela ezagutzaren unibertsalizazioaz. Azkenaldian epaitegiek herritarren hizkuntza eskubideei buruz hartu dituzten erabakiak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du “botere judizialaren oldarraldia” dagoela horren atzean: “Botere judizialak nahi du Espainiako Estatuko legediaren irakurketa aldatu, baina, betiere, hizkuntza gutxituetako herritarren eskubideen kontra”. Dio horrek ez dituela “harritu” , eta botere judizialari horrelako erabakiak hartzeko eman zaion “askatasunarekin” lotu du. Zentzu horretan, nabarmendu du Euskal Herrian badagoela adostasun politiko eta sozial nahikoa horri “modu bateratuan” aurre egiteko. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.