09 NOV. 2022 - 13:40h Jaime Tapia: "Gure erresoluzioek parametro sendoak dituzte juridikoki eta zientifikoki" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Jaime Tapia Eusko Jaurlaritzaren espetxe eskumena kudeatzeko aholkularia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Tapiaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeak kudeatzeko eskumena hartu zuenetik “aurrerapausoak” eman dituzte, baina dio urteak beharko dituztela “dena borobiltzeko”. 3. graduen progresioak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du “beren parametroak sendoak direla juridikoki eta zientifikoki, eta batzorde tratamenduak egindako eskaerak” direla. Audientzia Nazionalak erresoluzio horiek atzera botatzeaz galdetuta, adierazi du epaitegiek ez dutela iritzi bera, eta hori “onartu” egin behar dela, hori delako “estatu demokratiko baten jokoa”. Horrela azaldu du: “Normalean pentsatzen dute askatasunez gabetutako presoek oraindik zenbat urrats eman behar dutela: batzuetan finkatzen duten barkamenarena, edo esaten dute damutzea ez dela nahiko garbia… Horrelakoak gertatzen direnean, presoekin batera lan egingo dugu hirugarren gradua lor dezaten”. Justizia errestauratiboa martxan jartzeko lanean ari direla azpimarratu du: “Diskrezioz eta inolako zalapartarik gabe egingo dugu”. Azpimarratu du justizia errestauratiborako saio horiek ez dutela zertan topaketa izan, tailerrak edo bestelako egitasmoak izan daitezkeela, eta pertsonaren arabera erabakiko dutela saio horiek espetxearen kanpoaldean edo barruan egin. Era berean, nabarmendu du Aukerak egitasmoa baliagarria izango dela presoek lan munduan birgizarteratzeko prozesua egin dezaten. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.