13 DIC. 2022 - 13:26h Ikoitz Arrese: "Ulerkorrak dira sindikatuek mahaigaineratu dituzten kritikak eta ekarpenak" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Ikoitz Arrese EH Bilduko hezkuntza idazkaria eta legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Arresek “ulerkortzat” jo ditu Hezkuntza Legearen aurreproiektuari sindikatuek egindako kritikak eta ekarpenak, baina dio “sosegua” eta “pintzel fina” behar dela: “Berresten dugu hezkuntza akordioa ona dela, bide bat irekitzen duela, eta horren norabidean guk ere gure proposamenak egin ditugu”. Arresek dio zirriborroak “interpretazio askorako” aukera ematen duela, eta sistema duala betikotzeko “arriskua” egon litekeela. Zentzu horretan, Arresek nabarmendu du ikastetxeek diru publikoa jasotzeko betebeharrak zehaztu zituztela Hezkuntza Akordioan, eta dio hori ez dagoela “islatuta” aurreproiektuan: “Hezkuntza Akordioan adostu genuen gaur egungo egoerarekin amaitzea, eta legeak ezin du interpretaziorik eskaini”. Arresek nabarmendu du euskal eskola publikoaren zein ikastolen mugimenduaren “konfluentziaren bidetik” ulertzen dutela hezkuntza sistema publiko komunitarioa. Kristau eskolei dagokionez, nabarmendu du “ekarpen positiboak” egin ditzaketen kristau eskolak badaudela, baina dio laikotasunaren printzipioa bete beharko luketela: “Prest baldin badago baldintza hori betetzeko, euskal hezkuntza sistemaren eraikuntzan ongi etorriak izango dira”. Arresek azpimarratu du Hezkuntza Akordioak jasotzen duela doakotasun erreala bermatu beharko dela, eta garrantzitsutzat jo du legeak jasotzea kontrol mekanismoak jarriko direla doakotasun hori bermatzeko. Arresek adierazi du Hezkuntza Legeak jaso beharko lukeela Hezkuntza Akordioa “ahalik eta fidelen”, eta adostutako hori instituzionalizatu beharko lukeela. Hala ere, lau gabezia nagusi ikusi dizkio aurreproiektuari: euskal hezkuntza sistema zerbitzua behar bezala definituta ez egotea, segregazioari aurre egiteko neurri espezifikoak ez jasotzea, eta udalen papera zein izango den disolbatu izana. Horrez gain, dio gaur egungo A, B eta D ereduek ez dutela ikasleen euskalduntzea bermatzen, eta zentzu horretan, euskalduntasunean “jauzia” eman behar dela dio. Horrez, euskal kultur transmisioa legez arautu behar dela dio, eta horretarako, adostasun politiko zabalak lortu behar direla azpimarratu du. EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, lege honek ezin dizkio “ateak itxi” euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzeko “anbizioari”, eta pausoak eman behar ditu Euskal Herri osorako Hezkuntza Lege bati bide emateko: “Euskal Herria bera agertu beharko litzateke Legean aipatua, eta Euskal Herriko instituzio ezberdinetako elkarlanari bide eman beharko lioke”. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.