HAMAIKA

Ane Miren Zelaia, ELA: 'Osakidetzeko arazoa aspalditik datorren zerbait da'

Este navegador no soporta el elemento video.


Ane Miren Zelaia ELA sindikatuko talde eragileko kidea elkarrizketatu dugu gaur Hamaika Telebistan. Osakidetzako krisiari heldu dio lehenengo, eta salatu du Osakidetzako arazoa “aspalditik” datorrela: “Badirudi arazoak orain egin duela eztanda, baina sindikatuek urteak daramatzagu salatzen; gertatu dena da orain ezin dela ezkutatu”. Nabarmendu du egoera “kritikoa” dela, eta Donostian gertatu dena “sintoma” baino ez dela: “Osakidetzako 29.000 langile baino gehiago behin-behinekotasunean daude, langileek %20ko erosahalmena galdu dute…”.

Hezkuntza Legearen aurkako grebaren eta mobilizazioan erantzunarekin “oso pozik” daudela dio, eta salatu du aurreproiektuak gaur egungo sistema duala “betikotu” nahi duela.

Egoera ekonomikoari ere erreparatu dio, eta azpimarratu du duela hamar urte inguru hasi zela pobretze prozesua, eta hori KPIaren igoerari egoztea ez dela “zilegia” eta “egia”: “Euskal soldatak Europako bataz bestearekin alderatuta postuak galtzen hasi direnean ikerketa bat egin dugu, eta ikusi dugu produktibitatean bagaudela bataz bestekoaren oso gainetik. Orduan, nor gelditu da tartaren zati horrekin? Langileak ez”.

Bizkaiko metalgintzako sektoreko borroka izan du hizpide, eta salatu du atzoko bilerara patronalak ez zuela “eskaintza berririk” eraman: “Egoerak berdin jarraitzen du, eta greba mugagabe baterako unea da”. Adinekoen erresidentzietako langileen egoeraz ere mintzatu da, eta nabarmendu du sektore feminizatuei ez zaiela behar duten balioa ematen, “emakumeek orain arte lan hori dohainik egin dutelako”.

Gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izan beharko lukeela uste du Zelaiak, “hortik behera nekez bizi daitekeelako duin”. Horrez gain, Diru Sarrera Bermatzek Errenta izan du hizpide, eta nabarmendu du prekarietatean bizi den gizartearen oso zati handia “babes” dezakeela Gobernuak. Zentzu horretan, dio “harritu” egin dutela lege berriaren “babesek” eta “abstentzioek”: “2012an, salbuespenez murrizketa egin zuten, eta erabaki zuten RGI ez igotzea gutxieneko soldataren arabera. Hori urtero errepikatu da, eta lege honek betikotu egin nahi du hori”.

Espetxeen eskumenaren transferentzia bera “positiboa” dela dio, baina salatu du langile gutxiago daudela, eta “kaosa” dela nagusi espetxeetan.

 

Elkarrizketa osorik hamaika.eus atarian.