22 DIC. 2022 - 14:38h Inaxio Oiarzabal, Sare: "Egoerak urtarrilaren 7an Autonomia kalea betetzea eskatzen du" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Oiarzabalen esanetan, egoerak eskatzen du urtarrilaren 7an Bilboko Autonomia kalea “guztiz betetzea”, eta espero du horrela izatea. Bere esanetan, hamahiru euskal preso gelditzen dira Espainiako Estatuko kartzeletan, eta espero du datozen hilabeteetan aurrerapausoak eman ahal izatea: “Preso guztien gerturatzeekin lehen fasea amaituko litzateke, eta bigarrenari ekingo genioke orduan”. Hori horrela, “lege arruntaren bidez prozesu hori oztoporik gabe” egin ahal izateko antolatu dituzte Gabonetako mobilizazioak. Izan ere, uste du presoen gerturatzeek “erabat aldatu” dutela egoera, baina dio oraindik “lan handia” egin behar dela “graduen erregresioei erantzuteko”. Izan ere, nabarmendu du aurten ikusi dela badela “oztopoak jartzeko jarrera aktiboa izango duen eremu politiko eta mediatikoa, eta baita Audientzia Nazionaleko fiskala ere”. Zehaztu du aurten 9 presoren erregresioak eman dituztela, eta gaur egun, sei direla bigarren graduan dauden presoak, eta 13 direla epailearen zain zaudenak. Hala ere, dio legearen baldintzak beteta, 110 presok hirugarren graduan egon beharko luketela, eta, kontrara, 30 inguru daudela. Horren oinarrian “mendekua eta gorrotoa” daudela dio, eta ezinbestekotzat jo du “salbuespenezko neurri horiek” bertan behera uztea. Oiarzabalek uste du “ezberdinen arteko oinarri amankomuna” eraiki dela azken urteetan, eta espero du kontsentsu horrek “urtarrilaren 7an ere isla izatea”. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.