HAMAIKA

Xabier Lertxundi: "Zero Zabor ziurtagiria eskuratzea urte hauetako lanaren errekonozimendua da"

Este navegador no soporta el elemento video.


Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Lertxundiren esanetan, Europako Zero Zabor ziurtagiria eskuratzea urte hauetako lanaren “errekonozimendua” da. Bere hitzetan, atez atekoak “argi” erakutsi du hori dela birziklapen sistemarik “eraginkorrena”, eta datu bat plazaratu du horren erakusle: “Hernanin EAEn baino %75 errefusa gutxiago sortzen da".

Hernanin martxan jarritako Hernani Burujabe egitasmoa izan du hizpide alkateak. Nabarmendu du “tokiko garapen jasangarriaren aldeko proiektua” dela, eta proiektuak hainbat “sektore estrategiko” barnebiltzen dituela: zaintza, elikadura, energia, telekomunikazioa eta merkataritza. Lertxundik nabarmendu du Udala herritarrekin “batera” ari dela egiten prozesua: “Herritarrak modu antolatuan udalarekin batera lanean aritzea lortu dugu".

Zaintzaren arloari dagokionez, adierazi du bi helburu nagusi dituztela: zaintza beharrei ondo erantzutea eta zaintza lanera dedikatzen direnen lan baldintzetan modu positiboan eragitea. Zentzu horretan, nabarmendu du udalak inbertsio ekonomiko “handia” egin duela, eta horrela, etxez etxeko langileen lehen hitzarmena abian jartzea lortu dutela.

Elikadura ere izan du hizpide, adierazi du beren helburua dela Hernanin ekoitzitakoa herrian kontsumitzea. Horretarako, elikadura plan “integrala” diseinatu dutela dio, eta adierazi du hurrengo pausoa izango dela transformazio gune bat sortzea, ekoitzitakoari “beste aterabide” bat ere eman ahal izateko.

Energiaz galdetuta, administrazio publikoa, enpresak eta herritarrak barnebiltzen dituen EnHerKom energia berriztagarrien komunitatea sortu dutela azpimarratu du: “Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, eta hori nabarmendu egin behar da”. Ehundik gora bazkide dituela dio, eta Udala bazkide bat gehiago dela. Aipatu du, besteak beste, Udalak plaka fotovoltaikoak jarriko dituela eraikin publikoetan, eta hortik sortutako energia baliatuko dutela “gutxien daukanari emateko”.

Memoria demokratikoa ere izan du hizpide, eta adierazi du Hernani “asko sufritu duen eta sufritzen ari den herria” dela, eta hori guztia ikusarazi egin behar dela: “Aitortza lortzeko lehen pausoa da zer gertatu zen jakitea”.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.