HAMAIKA

Este navegador no soporta el elemento video.

Naiara Carvajal, LAB: “Homologazio bidezko hitzarmena aplikatzea eskatzen dugu”


Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileen bigarren greba deialdiaren balorazioa egin du Naiara Carvajal LAB sindikatuko kideak. Otsailaren 27tik martxoaren 7ra arte egin zuten lehen greba, eta martxoaren 20tik apirilaren 2ra arte egin dute bigarrena. Carvajalek salatu du Enplegu Sailaren gutxieneko zerbitzuek langileen greba eskubidea “urratu” dutela, eta zentro ezberdinetan grebaren jarraipena desberdina izan bada ere, oro har “pozik” daudela azpimarratu du.
Era berean, nabarmendu du beren eskakizunak ez daudela beren hitzarmenetik harago: “Gure hitzarmenaren homologazio printzipioa aplikatzeko soilik eskatzen dugu, eta horrek lau printzipio nagusi ditu: “Osakidetzako langileen aukera karrera profesional ezberdinetako deialdietara aurkezteko, errelebo kontratu eta aurretiazko jubilazioari lotutako atala, bakanteak dauden kasuetan, sistema arinago ezartzeko aukera, eta Osakidetzako bertako langileek eskubide berberak izatea”.
Era berean, salatu du Ertzaintzak “gaizkiletzat” hartu dituztela, eta nabarmendu du mobilizatzen jarraituko dutela “momentu erabakigarrian” daudelako.