HAMAIKA

Josu Etxaburu: "Benetan ospatzeko eguna izango da herri honek Gure Eskuren premiarik ez duena"

Este navegador no soporta el elemento video.


Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Aurtengo ekainean, 10 urte beteko ditu gizarte eragileak, eta datorren larunbatean Itsasargia Nazioarteko Konferentzia egingo dute Ficoban.

Etxaburuk nabarmendu du benetan ospatzeko eguna Euskal Herriak Gure Eskuren premiarik ez duena izango dela, eta azpimarratu du urte hauetan guztietan Gure Eskuk egindako lanaren ondorioz, gizarteak “modu naturalean” ikusten duela erabakitzeko eskubidearen gaia, eta horri esker etorri direla hainbat erakunderen erabaki politikoak. Hala ere, onartu du estatus politikoaren eztabaidak ez duela nahiko luketen hainako oihartzunik izan.

Azken hilabeteetan, hausnarketa prozesu batean murgilduta egon dira, eta adierazi du Itsasargia prozesuaren helburua izan dela datozen urteetako estrategia eta lan ildoak zehaztea.

Apirilaren 22an, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute Baionan, eta bertaratzeko deia egin dute Gure Eskuko kideek, “burujabetza osoa ez izateak dakartzan haserre eta oztopoak salatzeko”: “Burujabetza osoa behar dugu, eta hori lortu bitartean, gure burujabetza osoa higatzen dituzten ekintza eta erabaki guztiak salatuko ditugu”.

Zentzu horretan, Etxaburuk azpimarratu du burujabetza materialarekin zerikusia duten hainbat elementuz gain, burujabetzarena “eremu estrategikoa” dela, eta borrokak “partekatua” izan behar duela azpimarratu du: “Estrategia bateratua behar dugu erronka honi erantzuteko”. Gehitu du datozen urteetan burujabetza prozesuak emango direla nazioartean, eta euskal herritarrek ere lekua egin behar dutela: “Geure buruak prestatu behar ditugu eszenatoki horretan Euskal Herriak ere ahots propioa izan dezan".

Gure Eskuko kideek begiz jota dituzte Tourra euskal lurraldeetatik igaroko den hiru etapak, eta egun horietan “ikurrin uholdea” sortu nahi dutela azpimarratu du, etapak igarotzen diren lurretatik harago. Basque decide aldarria kalera aterako dute egun horietan, euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea egikaritu nahi dutela lau haizetara zabaltzeko.