HAMAIKA

Maria Ubarretxena, EAJ Arrasate: "Herriak aurrera egin du zortzi urte hauetan"

Este navegador no soporta el elemento video.


Maria Ubarretxena Arrasateko EAJko alkategaia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Arrasateko alkate izaten jarraitzeko “ilusio” eta “gogo handiarekin” dagoela dio, eta azken zortzi urteetako lana azpimarratu du: “Herriak eraldaketa handia bizi izan du azken 8 urteetan, eta eraldaketa horrekin jarraitzeko gogoz nago".

Ubarretxenak azpimarratu du bere helburua izan dela “herria jendearentzako berreskuratzea”, eta horren adierazgarri jo ditu abian jarritako hainbat egitasmo: “Prozesu parte hartzaile ugari jarri ditugu martxan legegintzaldi honetan, eta herritarrekin batera eraiki dugu herria”. Horrez gain, gehitu du “indarguneak” badituztela eskualde mailan lan egiteko, eta horren erakusletzat jo du Debagoiena 2030 programa.

Hirigintzari dagokionez, nabarmendu du 12 igogailu publiko jarri dituztela herrian, erdigunetik urrunago dauden auzoetako irisgarritasuna hobetzeko. Bide horretan, aipatu du Gorostiza auzorako igogailu sistema bat proposatu dutela, eta baita Altamirarako ere. Horrez gain, nabarmendu du behin betiko geltoki “moderno eta jasangarria” behar dutela, eta autobusen flota berritzea ere lehentasuntzat jo du.

Etxebizitzaren auziari dagokionez, Ubarretxenak aipatu du ecohousing etxe intergenerazional bat diseinatzen ari direla, adinekoen bakardaderi aurre egiteko, eta gazteen emantzipazioa errazteko. Horrez gain, gehitu du plan integral bat burutuko dutela herriko merkataritza bultzatzeko, eta dio Monterronen “identitate zentro” bat egitea proposatzen dutela, industria ondarea eta kooperatibismoaren balioak barne hartzeko.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.