HAMAIKA

Koldo Tellitu: "Euskarari eta euskal kulturari emandakoaren errekonozimendua da Elkar saria"

Este navegador no soporta el elemento video.


Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Tellituren esanetan, euskararen osasuna “momentu kritikoan” dago, eta nabarmendu du euskalgintzako kideak “elkarlanean” aritzeko eta “politika ausartak” egiteko garaia dela.

Tellituk euskal curriculum-aren garrantzia nabarmendu du: “Gure helburua ez da euskal hiztunak sortzea bakarrik, euskal ikasleak sortzea baizik, eta horretarako, ezinbestekoa da euskal curriculum-a". Horrela, dio beren helburua dela euskal curriculum-a ahalik eta toki gehienetara hedatzea.

Ibilaldia Bizkaiko ikastolen jaiaren balorazio “positiboa” egin du Tellituk, eta azpimarratu du Zubizahar ikastolak lan handia egin duela komunitatea sendotzeko. Herri Urrats ere izan du hizpide; Senpereko proiektua “oso sendoa” dela dio, eta Ipar Euskal Herriko ikastolei “indar handia” emango diela azpimarratu du.

Hezkuntza Legeaz mintzatu da, eta nabarmendu du matrikulazioarekin “malgutasun handiagoa” izan beharko lukeela Hezkuntza Sailak. Gehitu du Hezkuntza Legearen aurreproiektua “balekoa” dela, “euskal hezkuntza sistema berri baterako bidea irekitzen duelako". Gehitu du “ados” daudela ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean B2ko profila izatearekin, baina ezinbestekotzat jo du hori bermatzeko “kanpo ebaluazioa”. Gehitu du ikasleek euskarazko “gaitasun erreala” izan behar dutela erabilera bultzatzeko, eta euskarazko murgiltze eredua martxan jarri behar dela dio.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.