07 JUN. 2023 - 12:43h "Gure zahartzaroa nola bizi nahi dugun askatasunez antolatu nahi dugu" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Etxekide irabazi asmorik gabeko kooperatibako Maite Velasco eta Begoña Sadaba ezagutu ditugu. Beren zahartzaroa nola bizi nahi duten askatasunez antolatu nahi duten taldea dira, eta Iruñeko Txantrea auzoan martxan jarri duten etxebizitza komunitarioaren proiektuaren berri eman digute. 35 etxebizitza inguru egin nahi dituzte orube publiko batean, "beren bukaera arte bizitzeko asmoarekin". Lur zorua administrazioarena izango da, eta 75 urteetarako utziko diete. Kooperatibak egingo du eraikuntza eta bera izango da eraikuntzaren jabea. Etxekideko kide izateko bazkide egin behar da lehenengo, eta sei hilabetez bazkide izan ondoren eta kooperatibista guztiek onartuz gero, kooperatibista bihur daitezke. Horrez gain, hainbat baldintza bete behar dituzte: "50-70 urte izan behar dira, fisikoki eta psikologikoki autonomoa, bizi testamentua egina izan behar dugu, eta bazkide egiten zarenean, lan taldeetan lanean hasi behar dugu, ikusteko kooperatibista bihurtzeko aukera dagoen edo ez". Eraikinean, gune pribatuak eta komunitarioak egingo dituzte: "Pribatuak bizitokiak izango dira, eta komunitarioak sukaldea, jangela, egongela, elkarguneak, baratza, eta loretoki gunea". Horrez gain, lantalde desberdinetan antolatuta daude: ekonomia, komunitatea, zaintza, orubea eta festak. Talde bakoitzetik bi lagunek kontseilu errektorean parte hartzen dute, eta lantalde bakoitzaren erabakiak batzar horretan izaten dituzte hizpide. Horrez gain, hilabetean behin batzarra egiten dute, "bertan eztabaidatzeko eta erabakitzeko lantaldeetan landu dena". Proiektua ez da Etxekide ekimeneko kideentzat bakarrik: "Amankomunean ditugun guneak auzoarentzako irekita egongo dira; auzoan bizi eta auzoan parte hartu nahi dugu". Ikusi Geltokia saioa osorik nahieran.