15 JUN. 2023 - 13:49h Patxiku Irisarri, EHNE: "Erriberan galdutzat eman dute ia uzta osoa" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Patxiku Irisarri Nafarroako EHNE sindikatuko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Aste honetan elkartu den Lehortearen Mahaia izan du hizpide, eta nabarmendu du “Erriberan uztaren %90a galdu dela, erdialdean %70 eta Lizarraldean %55-60”. Gehitu du euria egin duela “han-hemenka”, baina dio ez dela nahikoa izanen uzta errekuperatzeko, eta oraindik ere “nahiko kili-kolo” dagoela bigarren uzta. Nabarmendu du Erriberan ez duela “merezi” gariaren uzta biltzeak: “Aseguruek diote Erriberan 230 kilo gari bilduko lituzketela hektareako, eta 7.000tik gora izango dira beste leku batzuetan. Ez du merezi makineria martxan jartzeak”. Aldaketa klimatikoa “begi bistakoa” dela dio, eta nekazariak horrelako eszenatokietara “moldatu” beharko direla. Adierazi du egoerari aurre egiteko Espainiatik diru laguntza batzuk iritsiko direla animalientzat, baina dio “motz” geldituko direla ekoizpen kostuen igoeragatik: “Ardi-esne sektorean, 2020tik 2022ra animalien janarien kostua %54 igo da, eta energiaren kontua %121. Sekulakoak dira gastu horiek eta jendea estu eta larri dabil. Lastoak hiru aldiz gehiago balio du, eta luzernak eta horrelakoek bikoitza eta gehiago. Hainbat nekazari, abeltzainak, batez ere, beren animaliekin zer egin pentsatzen ari dira”. Adierazi du Espainiako Gobernuaren dekretuak markatu dituela zein diru laguntza izanen diren, eta adierazi du Nafarroako Gobernuk ez duela “diru laguntza gehigarririk” eman oraingoz hauteskundeek eragindako “inpass egoera “dela eta. Irisarrik nabarmendu du abeltzaintza “estentsiboaren” aldeko apustua egin behar dela, horrek lurraren “kudeaketa hobea” eta nekazariak herri txikietan gelditzea ekarriko lukeelako, besteak beste. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.