19 JUN. 2023 - 13:34h Josu Aztiria: "Adimen artifizilean jauzi handia egiteko Elhuyarren apustu estrategikoa da Orai" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Josu Aztiria Orai NLP Teknologiak languneko koordinatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Aztiriak azaldu du Orai adimen artifizialean “jauzi handia” egiteko Elhuyarren “apustu estrategikoa” dela, eta dio “oso pozik” daudela urte honetan lortutakoarekin. Adierazi du beren helburu nagusiak hauek direla: “agente teknologiko garrantzitsu bilakatzea hizkuntzaren prozesamendu automatikoan, teknologia hori modu azkarrean merkaturatzea, eta eraikitzen eta fabrikatzen duten teknologia ikuspegi etikoekin garatzea". Aztiriren esanetan, duela hogei urte ikusten zuten bazetorrela olatu handi bat, eta horretarako, prestatu behar zutela. Urte honetan, garrantzitsutzat jo dute “ezagutza zientifiko propioa garatzea eta enpresetara eramatea”. Nabarmendu du “harrera ona” izan duela, eta “Euskal Herrian dagoen ikerketa prozesu garrantzitsuenetako bat lideratzen ari direla hizkuntza eredu neuronaletan”. Etorkizunera begira, Aztiriak azpimarratu du erronka dela “baliabide gutxiagorekin eta konputazio ahalmen gutxiagorekin, eta etikoki, kalitate handiko teknologia garatzea”. Bide horretan, garrantzitsutzat jo du Administrazioaren rola, eta azpimarratu du euskararen eszenatokiak balio lezakeela euskarentzat, baina baita hizkuntza txikiagorentzat ere. Gehitu du “araudi on” bat behar izateaz gain, askoz gehiago inbertitu behar dela, eta ondo aztertu behar direla eduki litzakeen “erabilera eta eragin negatiboak”. Aztirik adierazi du beren erronka dela hizkuntza eredu neuronalaren munduan “ongi kokatzea, eta beren ezagutza propioa garatzea”. Horretarako, hainbat proiektu dituzte eskuartean: alde batetik, proiektu ikerketa handi bat lideratzen ari dira Tecnalia zentroarekin, konputazio ahalmen txikiagorekin, eta entrenamendu datu gutxiagorekin, “kalitate goreneko teknologia sortuz eta GPTaren atzean garatu diren azken teknikak aplikatuz”. Gehitu du kultur industria eta somenekoetan administrazioarekin proiektu asko dituztela, eta nahiko luketela fabrikazio eta industria munduan gehiago barneratzea. Azkenik, adierazi du mugaz gaindiko proiektuak laguntzen jarraituko dituztela, eta Linguatek proiektua jarri du adibidetzat: euskararen garapenaz gain, aragoieraren, okzitanierarem eta katalanaren garapen teknologikoa garatzeko proiektua lantzen ari dira. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.