HAMAIKA

Naroa Jauregizuria: "Gazteekin partekatzen dugun testuingurua hobeto ulertzen saiatu gara"

Este navegador no soporta el elemento video.


Naroa Jauregizuria AEKren Hizkuntza Aholkularitza Zerbitzuko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Periferiako gazteek euskararekin eta euskal kulturarekin duten harremana aztertzen aritu da azken urteetan, eta beren egitekoa izan da “egoera ezagutu, gakoak jaso, eta egoera hori zelan hobetu dezakegun ikustea”. “Eskuhartzeen” bidez, hainbat ikastetxetan forma eman diote urte hauetan eraikitako oinarri teorikoari, “ikuspegi praktikoagoa” landuz: “Gazteekin partekatzen dugun testuinguru hori hobeto ulertzen saiatu gara, eta esku hartzen honen bidez helduon rola kokatzen saiatu gara”.

Jauregizuriak ondorioztatu du “hizkuntzarekiko edota euskal munduarekiko distantzia testuinguruak berak markatzen duela guztiz”, eta gehitu du gazteek, haurra direnean, “lotura afektiboa” sortzen dutela euskarekiko, baina heldu bihurtzean “lausotu” egiten dela lotura hori.

Periferia terminoari buruz hausnartu du Jauregizuriak: “Ez dakit Euskal Herrian %100ean inor koka daitekeen periferian edo zentroan”. Zentroa jotzen du “euskararen eta euskal kulturaren garapen mailaren kokapen altuena” duen eremutzat, eta periferia hori “lausotzen” doan gunetzat: “Periferia euskararen bizi munduaren zatia da, baina batez ere, gabeziarekin lotuta dagoena da: presentzia gabezia, estatus gabezia, baliabide gabezia… Gu eremu horretan kokatu gara, eta segun zein ezaugarri neurtzen diren, periferiatik barrurago edo kanporago egongo dira”.

Gehitu du hiri inguruan bizi diren euskaldunak “ez direla ikusten, ez dutela proiekziorik, eta ikusten dituztenean aurreiritzietatik, eta leku zehatz batzuetatik proiektatzen diren irudi desegokitik” egiten dela: “Hor dago arazoa”. Nabarmendu du erronka nagusia dela digitalizazioa: “Ez da nahikoa euskara ikastearekin; hizkuntza bizitzeko baliabideak eskaini behar zaizkie gazteei".

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.