HAMAIKA

Ainhara Plazaola: "Ekonomia birkokatzea eta energia trantsizio justua egitea ezinbestekoa da"

Este navegador no soporta el elemento video.


Ainhara Plazaola ELA sindikatuko kidearekin hitz egin dugu Euskal Herriko trantsizio ekosozialerako egin duten proposamena hizpide. Plazaolak nabarmendu du “krisi ekosoziala” jasaten ari dela jendartea, eta horri aurre egiteko ezinbestekotzat jo ditu “ekonomia birkokatzea, energia trantsizio justua egitea, industria sektorearen trantsizio ekologikoa, eta bizitzak erdigunean jartzea”.

Plazaolaren esanetan, diagnosiaren ondorio nagusia da Euskal Herriko ekonomia “oso ahula” dela gaur egungo testuinguruan, beste lekuetan gertatzen denaren “menpekoa” delako: “Gure ekonomia zaurituta dago, gure ekonomiaren funtzionamendua menpekotasun handi bati lotuta dagoelako: kanpotik etortzen diren lehengaiena, energia fosilaren menpeko… “

Hori horrela, ezinbestekotzat jo du ekonomiaren birkokapena, “ekonomia hona ekarri eta hemen funtzionatzea”. Horrez gain, ezinbestekotzat jo du energia sektorearen trantsizio justua egitea, energia fosila alde batera utziz, eta energia berriztagarrien aldeko apustua eginez.

Plazaolak nabarmendu du ez zaiola industria sektoreari bakarrik begiratu behar; izan ere, bere iritziz, zerbitzu sektore nagusiak “logistika eta nazioarteko merkatuak” dira, eta horrek “sekulako eragina dauka klima aldaketan”. Horrez gain, azpimarratu du industriaren barruko sektoreei “banan-banan” begiratu behar zaiela, eta ezinbestekotzat jo du “aberastasunaren banaketa eta lanaldiaren murrizketa langile klasearentzako trantsizio justua izan dadin".

Elikadurari dagokionez, elikadura burujabetzaren bidean pausoak eman behar direla dio, eta hori modu agroekologikoan garatu behar dela.. Energiaren sektorea pribatizatuta dagoela dio eta oso esku gutxiren menpe dagoela; hori horrela, ezinbestekotzat jo du sektorea “publifikatzea” eta “justizia irizpideekin” funtzionatzea.

Datozen urteetan herritarrak sentsibilizatzen eta egoeraren diagnosia hedatzen jarraitu behar dutela azpimarratu du.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.