14 SET. 2023 - 13:23h Helena Ruiz de Azua, Zaporeak: "Emergentzia egoera kronifikatu egin da" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Helena Ruiz de Azua Zaporeak elkarteko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Lesboseko kanpalekutik etorri berria da Azua, eta nabarmendu du egoera “oso txarra” dela: “Sei hilabeterako joan ginen, eta zazpi urte daramatzagu bertan. Horrek esan nahi du emergentzia egoera kronifikatu egin dela”. Ruiz de Azuak azpimarratu du 2.200 otordu ematen dituztela egunero-egunero, baina kanpalekuan 3.300 pertsona baino gehiago daudela. Hori horrela, 1.000 pertsona baino gehiago otordurik gabe gelditzen direla, eta finantzazioa bilatzen ari dira guztiei otordua eman ahal izateko: “Bazkidetza kanpaina bat jarri dugu martxan, eta dirua eskatzen diegu pertsonei, enpresei zein entitate publikoei”. Azuak azaldu du egunero 40-60 errefuxiatu inguru iristen direla Lesbora, eta gero eta jende gehiago dagoela kanpalekuetan. Salatu du errefuxiatuek ez dutela bizi baldintza duinik, eta egoera are gogorragoa dela emakumeentzat zein haurrentzat. Hori horrela, garrantzitsutzat jo du foku mediatikoa mantentzea, bertan gertatzen denaren berri eman eta ez ahazteko. Azuaren esanetan, boluntarioak oso pozik bueltatzen dira bertan egindako lana eta gero, eta nabarmentzen dute ematen dutena baino gehiago jasotzen dutela. Lesboseko sukaldean abendura arteko txandak beteta dituztela dio, baina hemen egiten dituzten ekitaldietarako boluntarioak behar dituztela dio. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.