HAMAIKA

Igor Arroyo, LAB: "EAJ kezkatuta dago bere politikek kostu elektorala dutelako"

Este navegador no soporta el elemento video.


Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioa hizpide, azpimarratu du “berri ona” dela PP eta Voxen gobernu bati atea ixtea, eta “independentismoaren beharra” edukiko lukeen gobernu bat osatzea. Dena dela, nabarmendu du euskal alderdiei eskatzen diela “aukera balia dezatela lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua sortzeko. Ez da hainbeste Espainiako eredu sozioekonomikoa aldatzea, baizik eta Euskal Herrian, eredu sozioekonomikoa eta lan harremanak eraldatzeko dauden galgak altxatzea, negoziazio kolektiboa, esaterako”.

Iñigo Urkullu lehendakariak Alderdi Egunean egindako adierazpenei erantzunez, adierazi du “fribolidadea” dela Euskal Herrian jendea ongi bizi dela esatea: “Euskal Herriko langile jendea ondo bizi garela esatea gezur handi bat da. Urkulluk uste du Euskal Herrian 1.400 euro gordineko soldata batekin, eta hortik behera, posible dela etxe batean sartu ahal izatea? Bizitzaren kostu orokorrari aurre egitea?”. Gehitu du Urkullu “kezkatuta” dagoela “bere erabaki politikoek kostu elektorala” ekarri diotelako, eta “langile jendearen bozka galtzen ari delako”.

Arroyok salatu du ELAk eta Steilasek LABik gabeko greba deialdi bat egin dutela hezkuntza publikoan. Aipatu du aurrez beste bi egun deitu zituztela, eta sindikatu guztiak elkarrekin lan egin dutela deialdi hori egiteko. Salatu du, ordea, sei sindikatuek osatutako mahai horretatik “kanpo” lanean aritu direla “ELA, bereziki, eta Steilas, LABik gabeko greba bat egiteko hezkuntza publikoan”: “ELAk CCOO hartu du bidelagun, LABik gabeko greba deitzeko irakaskuntzan", salatu du.

LABeko eledunak nabarmendu du “egungo testuinguru historikoan lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren aurkako ofentsiba erraldoi bati buruz hitz egiten aritu beharko luketela ELAk eta LABek; guk, eskua luzatuta daukagu, baina ez dugu ELA erreziprozidade berarekin ikusten”.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.