HAMAIKA

Eider Gotxi: "130 milioi euro beharko lirateke Guggenheim Urdaibai proiektua martxan jartzeko"

Este navegador no soporta el elemento video.


Eider Gotxi Stop Urdaibai Guggenheim taldeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, eta salatu du proiektua “suntsitzailea” izan daitekeela Urdaibaiko biosfera erreserbarentzat. Gehitu du hainbat erakundek esandakoaren arabera, 130 milioi euro behar direla proiektu hau martxan jartzeko, eta dagoeneko 80 euro eskuratu dituztela diru publikotik. Hain zuzen, Gotxik adierazi du 40 milioi euro eman dituela Espainiako Trantsizio Ekologikoko ministeritzak, eta horietako euro bakar bat ere ez dela museoa eraikitzeko.

Salatu du “ofizialki” ez dakitela ezer proiektuari buruz, eta komunikabideetatik jasotzen dutela informazioa; are, nabarmendu du eskualdeko udaletara ere ez dela informaziorik heldu: “Proiektu integralik ez da existitzen, eta zazpi zatitan aurkeztu dute proiektua”.

Gotxik azpimarratu du proiektu honek 45.000 turista ekarri nahi dituela hilero eskualde horretara, eta dio eskualdean bizi dela pertsona kopuru hori: “Non hartuko ditugu turista horiek guztiak?" egin du galdera. Administrazioei beraiek egindako legea bete dezatela eskatu die, eta zuhurtziaren printzipioa aplika dezatela: “Ez baldin badakigu ziur ingurumenean zein eragin izango duen, geldi dezatela proiektua”.

Nabarmendu du eskualdeak zuzeneko inbertsioa behar duela eskualdearen benetako beharrei erantzuteko: “Proiektu honek museoaren beharrak asetzen ditu, ez eskualdearenak".

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.