HAMAIKA

Irati Iciar, Euskaltzaleen Topagunea: "Pozik eta arduraz hartu dut izendapena"

Este navegador no soporta el elemento video.


Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Nabarmendu du “oso pozik” dagoela izendapenarekin, eta “ardura” ere sentitzen duela: “Topaguneak badu bere indarra, erreferentzialtasuna euskalgintzan, eta horren ardura ere sentitzen dut, Topagunearen irudi edo bozgoragailua izango naizelako. Lasaitasunez ere hartu dut, Topagunea badelako nor ni gabe: mugimendua martxan dago, eta lantalde egonkorra dago”.

Nabarmendu du Topaguneak gaitasuna erakutsi duela “euskalgintzan diskurtso eta eragin bat sortzeko", eta azaroaren 18an egingo duten Kongresura begira daude iada: “Ez da barne begirako kongresua soilik izango, euskal gizarteari zuzendutako Kongresua egingo dugu, eta mahai gainean jarriko ditugu datozen hilabeteetarako hainbat erronka”.

Hori horrela, azpimarratu du “modu sistemikoan” ulertu behar dela euskaltzaletasuna eta euskalduntze prozesua: “Sistemikoki pentsatu behar dugu, eraldaketa sozial bat sortu nahi dugulako. Euskaldunak sortzeko sistema unibertsal bat egon behar da, eta horretarako, akordio politiko berriak behar dira”.

Azken hilabeteetako “epaitegietako oldarraldia justizia sozialaren, bizikidetzaren, eta hizkuntza berdintasunaren aurkako erasoa” dela azpimarratu du, eta ezinbestekotzat jo du azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioan parte hartzea: “Azaroaren 4an kaleak hartu behar ditugu, bizikidetza eta mundu justuago bat nahi dugula aldarrikatzeko".

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.