HAMAIKA

Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea: "Beharrezkoa al da manifestazioetan errepideak ixtea?"

Este navegador no soporta el elemento video.


Juan Mari Aburto Bilboko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Euskararen aurkako epaiak hizpide, nabarmendu du Bilboko Udalean euskararen normalizazio plana egiten, eta euskararen erabilera bultzatzen jarraituko dutela.

Herritarren manifestazio eskubidea defendatzen badu ere, mobilizazio horiek Bilbon eragiten dituzten “arazoak” izan ditu hizpide Aburtok: “Beharrezkoa al da manifestazioetan errepideak ixtea? Beharrezkoa da hainbeste arazo sortzea manifestazioak egiteko?", galdetu du.

Gehitu du Bilboren “eraldaketa” ez dela amaitu, eta beren agintaldiko lehentasunak direla pertsona bakoitzaren ongizatea, auzoen arteko oreka eta ekonomiaren garapena. Deustuko zumarrek eragindako polemika ere izan du hizpide, eta nabarmendu du zumar horietako asko “gaixo” daudela, eta horregatik ari direla mozten. Era berean, gehitu du Artxandako proiektua “beharrezkoa eta jasangarria” dela Bilborentzat. Zorrozaurreko prozesua hizpide, azaldu du jarraituko dutela Zorrozaurreko pabiloiak botatzen, “poliki eta herritarrekin hitz eginez".

Nabarmendu du beren erronka dela Bilbora “talentua” erakartzea, eta horretarako, “unibertsitateen kalitatea handitu, eta enpresa gehiago erakarri” behar direla azpimarratu du.