23 MAY. 2024 - 10:17h 720 eurodiputatuk osatuko dute Europako Parlamentua, aurreko legegintzaldian baino 15 gehiagok Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR 450 milioi europar inguru daude deituta bozkatzera ekainaren 9an, Europako Parlamentuaren X. Legegintzaldia osatuko duten 720 eurodiputatuak aukeratzeko. Herritar askok urruneko kontua bailiran ikusten dituzte hauteskunde hauek, baina Europako erakunde horretan eztabaidatzen eta erabakitzen dira herritarren egunerokotasunean eragina duten arau asko, hala nola, ekonomia, nekazaritza eta arrantza, ingurumena, migrazioa, eskubide sozialak eta beste hainbat gaietako erabakiak. Europako erakundeek ezarri dute hauteskundeak 2024ko ekainaren 6tik 9ra egingo direla. Euskal Herrian ekainaren 9an izango dira, Estatu espainiarrean zein frantsesean, herrialde gehienetan bezala, hauteskundeak igandeetan egiten direlako. Herrialde bakoitzari, gutxi gorabehera, bere populazioarekiko proportzionala den eurodiputatu kopurua dagokio, baina, kopuru zehatza zehazteko, proportzionaltasun beherakorrari jarraitzen zaio. Alegia, herrialde populatuenek populazioz dagokiena baino ordezkaritza txikiagoa izatea onartzen dute, biztanle gutxien dituzten Estatuen ordezkaritza handiagoa izan dadin. Horrez gainera, arauak dio herrialde bakar batek ere ezin duela 6 hautetsi baino gutxiago izan, ezta 96 baino gehiago ere. Oraingoan, 720 eurodiputatuk osatuko dute Europako Parlamentua, aurreko legegintzaldian baino 15 gehiagok. Herrialde guztiek ez dute hautetsi kopuru bera bidaltzen. Alemania izango da eurodiputatu gehien izango dituen herrialdea (96), eta Zipre, Luxenburgo eta Malta, aldiz, izango dira gutxien izango dituztenak, bakoitzak 6 bidaliko baititu. EBko edozein biztanlek du aukera hauteskunde hauetan nahi duen herrialdean aurkezteko. Hori horrela, Espainiako estatuan 33 hautagaitza onartu dira. Horietako batzuk estatu mailako alderdienak dira: PP, PSOE, Podemos edo Sumarrenak, adibidez. Beste kasu batzuetan, hainbat alderdi politiko elkartu dira eta Estatu osorako plataforma bakarra eratu dute. EAJk, adibidez, zerrenda bat osatu du Coalicion Canariarekin batera Coalicion por una Europa Solidaria (CEUS) izenarekin. Bestalde, EH Bilduk plataforma bat osatu du ERCrekin eta BNGrekin batera, Orain Errepublikak/Ahora Repúblicas izenarekin.