15 OCT. 2024 - 12:00h Arabako Foru Aldundiak San Roke egoitzako tratu txarren salaketak baztertu ditu Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Arabako Foru Aldundiak ukatu egin du Laudioko San Roke adinekoen egoitzako erabiltzaileei tratu iraingarriak ematen ari zaienik. Gorka Urtaran diputatuaren sailak argitu du ez dela salaketarik jarri. Zentroko ohiko jarduerari dagozkion “zenbait kexa” jaso direla baina zentroan bertan eman dietela irtenbidea azaldu du Gizarte Politiken sailak. Zaintza Araba elkarteak Gizarte Politikako sailari idatzi zion San Roke egoitzako egoera “oso kezkagarria eta larria” dela azalduz. Izan ere, gutunean erabiltzaileen duintasuna urratzen dituzten hainbat praktika azaltzen zituen elkarteak. Hala nola; janariaren kalitate eskasa, egoiliarrak modu egokian ez janztea edo hauek egun osoan gurpil-aulkian uztea, besteak beste. Gizarte Politiken sailak azaldu du duela gutxi erregistro eta ikuskaritza zerbitzuak ohiko ikuskapena egin duela San Roke egoitzan eta bertan ez direla aparteko inongo arazorik antzeman. Izan ere, ratioak ezarritakoa baino askoz altuagoak direla, janaria kalitate onekoa dela eta egoiliarren zaintza planak errespetatzen direla ondorioztatu du Aldundiak. Gauzak horrela, Aldundiak Zaintza Araba elkarteak Gizarte Politiken sailari adierazitako salaketak ukatu ditu eta “egoitzako langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen saiatzea” leporatu dio elkarteari, egoitzako langileei babesa adieraziz.