HAMAIKA

Gasteizko Emisio Txikiko Eremuaren faseak zehaztu ditu Gasteizko Udalak

Este navegador no soporta el elemento video.


Gasteizko Udalak 2025ean martxan jarriko duen Emisio Txikiko Eremuari buruzko zehaztasunak eman ditu. Tokiko gobernu batzordeak eremu horretara sartzeko ordenantza arautzailea onartzen denean, lehen fasea 2025ean bertan abiatuko da. Fase horretan, Gasteizko alde zaharrean eta Zabalgunean mugatuko da autoen zirkulazioa, zenbait salbuespen kontuan hartuta, hala nola; egoiliarrak, negozioetako ibilgailuak, zamalanak edo mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuak. Egoera hauetan dauden ibilgailuetako titularrek izena eman beharko dute eremuan sartzeko baimena eskuratzeko.

2027an, Emisio Txikiko Eremua zabaldu egingo da, eta ingurumen etiketa ez duten ibilgailuei sarbidea debekatuko zaie. Udalak errenta mailari eta erretirotik gertu dauden profesionalen ibilgailuei buruzko salbuespenak aurreikusi ditu fase honetan.

2030erako, B ingurumen etiketa duten ibilgailuen zirkulazioa debekatzea aurreikusi du Gasteizko Udalak. Eremua 30 kamaren bitartez kontrolatuko da eta arau-hauste larritzat hartuko da baimenik gabe zirkulatzea. Izan ere, larritasunaren arabera, 90 eta 200 euro arteko isunak jarriko dira zirkulazio baldintzak ez baldin badira errespetatzen.