HAMAIKA

Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak aldarrikatuko ditu Mugimendu Feministak

Este navegador no soporta el elemento video.


Euskal Herriko Mugimendu Feministak Iruñean egindako agerraldian azaldu du iaztik hona testuingurua ez dela asko aldatu eta zapalkuntza mekanismo forma berriak agertu direla. Azpimarratu dute hainbat esparru eta sektoreetan eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada nabari dela, hala nola, sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan...

Feminismoekin posizionatzeko ausardia aldarrikatu dute. Hala, feminismoa ezkerreko borroken erdigunera ekarri behar dela nabarmendu dute, feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista. Esan dute feminismoa dela eraldaketarako proposamen integralak egiteko ezinbesteko mugimendua.

Indarkeria matxista, krisi ekosoziala, eta sistema arrazista eta koloniala sostengatzen duten migrazio politikak salatu nahi dituzte eta martxoaren 8 honetan ere, elkartasuna adierazi nahi diete erresistentzian dabiltzan kideei.

Martxoaren 8ko mobilizazio nagusiak Euskal Herriko bost hiriburutan egingo dituzte: goizean, Gasteizen (12:30ean, San Antonetik), Donostian (12:30ean, Antiguako tuneletik) eta Iruñean (13:00etan, Antoniutti parketik); arratsaldean, Baionan (17:00etan, geltokitik) eta Bilbon (18:00etan, Jesusen Bihotza plazatik).