HAMAIKA

Jaurlaritzak 1.268 irakasle postutarako deialdia egingo du irailean

Este navegador no soporta el elemento video.


Eusko Jaurlaritzak Lan Eskaintza Publikoa egingo du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleentzat. Hezkuntza Sailak ohar baten bitartez jakinarazi du 1.268 irakasle postutarako deialdia izango dela eta aurrerantzean argitaratuko dituztela deialdiaren baldintzak eta epeak. Hori bai, azterketak irailaren bigarren hamabostaldian izango direla baieztatu dute.

Eusko Jaurlaritzak aditzera emandakoaren arabera lan eskaintza honek %4ra murriztuko du irakasleen behin-behinekotasun tasa Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan. Lan Eskaintza Publikoa, jakinarazitakoaren arabera, 4.542 lanpostu publiko egonkortzeko prozesua amaitu ostean egingo da, postu horietatik, gehienak irakasleenak dira, 520 heziketa bereziko profesionalenak eta 480 sukalde eta garbiketakoak.

Bide batez, administrazioak adierazi du, neurri hauek guztiek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistemako enpleguaren behin-behinekotasuna %8tik beherakoa izatea eragingo dutela, legealdi honetan helburua %5era jaistea bada ere. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, Lan Eskaintza Publikoa iragarri ostean, irakasleen egonkortzearekin duen konpromisoa gaineratu du. Helburua, beraz, Lan Eskaintza Publikoen prozesuen urteko dinamikari eustea da, Haur eta Lehen Hezkuntzako kidegoak beste batzuekin konbinatuz, esaterako aurten egingo den Ikuskaritzakoa.

Dena den, gogoratu beharra dago 2022an gehiengo sindikalarekin lortutako akordioak erraztu egin duela ikasle ratioak murriztea, pedagogia berrikuntzako figurak sartzea eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko baliabideak areagotzea. Izan ere, 2019 urteaz geroztik, 9.635 plaza deitu dira irakasleentzat.