HAMAIKA

Emakume batek Urdulizeko ospitalean indarkeria obstetrikoa jasan duela salatu du

Este navegador no soporta el elemento video.


Emakume batek bere sareen bitartez Urdulizeko ospitalean jasandako indarkeria obstetrikoa salatu du. Izan ere, argitaratutako bideoan bizi izandako zabarkeria medikoa azaltzen du. Gurutzetako ospitalean bere haurdunaldia bideragarria ez zela baieztatu ziotela adierazi du, eta hurrengo egunetarako hitzordu bat eman ziotela Urdulizeko ospitalean. Bertan, aditzera emandakoaren arabera, ginekologoari ez zuela ekografia ikusteko asmorik esan eta berak, modu txarrean hartu zuela azaldu du. Era berean, kontsultak iraun zuen bitartean medikuak erakutsitako "nagusitasuna" azaltzen du bideoan. Honen guztiaren aurrean kexa bat jarriko ziola helarazi zion.

Urdulizeko ginekologoak haurdunaldiarekin arazorik ez zegoela jakinarazitakoan diagnostikoen arteko aldeaz galdegin zion. Medikuak, berriro ere, "nagusitasunez" besteek esandakoa berdin zitzaiola erantzun ziola kontatu du emakumeak. Gauzak horrela, analisi gehiago egiteko eskatu zizkion baina ginekologoak ezezkoa eman zion. Bideoan aditzera emandakoaren arabera, hau guztia gertatzen zen bitartean medikua "barrez eta gorputzez bortitza" izaten ari zen, are gehiago, ea bigarren kexa bat jarri behar zion galdetu ziola salatu du. "Larderiaz", kontsulta medikutik alde egiteko eskatu ziola adierazi du.

Sareetan bideoak zer esana eragin du, izan ere, iruzkinetan jendeak babesa eman dio eta baten batek, Urdulizeko ospitalean antzeko esperientzia bizi izan duela azaldu du. Emakumeak jasotako babesa eskertu du eta Osakidetzan hiru kexa jarri dituela jakinarazi du. Hala ere, itxaropen handirik ez duela dio. Bere hitzetan, “honen aurrean legeak ez gaitu benetan babesten, eman dizkidaten aholkuen arabera nire kasuan ez da bideragarria arlo penalera jotzea”.