HAMAIKA

Euskararentzat benetako justizia aldarrikatzeko deia luzatu du EHEk

Este navegador no soporta el elemento video.


Euskal Herrian Euskarazek deituta, euskararentzat eta euskaldunontzat justizia aldarrikatzeko helburuarekin, Baionako Justizia Jauregiaren atarian bildu dira Euskalgintzako eragile nagusietako eta sindikatutako ordezkariak.

Iazko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, Euskal Herrian Euskaraz eragileko bi kide, Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre, Baionako Justizia Jauregiko teilatura igo eta sarrerako horman “Justizia Euskararentzat” idatzi zuten. Ekintza horrekin salatu nahi zuten frantziar eta espainiar konstituzioen baitan, euskaldunontzat ez dagoela justiziarik. Bi kide horiek apirilaren 11n epaituko dituzte.

Elkartasuna adierazteaz gainera, euskararentzat eta euskaldunontzat benetako justizia aldarrikatzeko apirilaren 6an, Baionako kaleak hartzeko deia egin dute Euskal Herrian Euskarazetik. Bizi garen testuinguruan, euskara lehen lerrora ekarri eta neurriko erantzunak beharrezkoak direla azpimarratu dute. Hala, adierazi dute maila guztietan, ardurak hartzeko eta exijitzeko unea dela.