HAMAIKA

Imanol Pradales lehendakaria oposizioko alderdiekin bildu da

Este navegador no soporta el elemento video.


Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria astelehen honetan bildu da alderdi politikoekin, Voxekin izan ezik. Bileran AEBn muga zergak direla eta bizi duten egoera eta industria-politika eta egungo egoera sozioekonomikoa aztertu dituzte.
EH Bilduren bozeramaileak, Pello Otxandianok, bilera “oso positiboa, interesgarria eta erabilgarria” izan dela adierazi du. Etxebizitzaren auzia nabarmendu du, arazo soziala izateaz gain, ekonomiarentzat eta enpresentzat ere arazo bihurtzen ari dela ohartaraziz. Ildo horretan, alokairuko etxebizitza publikoak eraikitzeko inbertsio funts bat sortzeko proposamena helarazi dio lehendakariari.

Eneko Anduezak, PSEko idazkari nagusiak, Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko estrategietan koordinazio estua ezinbestekoa dela adierazi du, eta Estatu mailan martxan jarritako neurriekin “sinkronizatzeko” deia egin du.

Sumarrek, bere aldetik, enpleguaren defentsaren beharra azpimarratu du. Jon Hernandezek, alderdiko egebiltzarkideak, arma-industriarako laguntzak finantzatzeko eta industria hori indartzeko zor publikoa erabiltzeari uko egiten diotela adierazi du.

Javier de Andres, Alderdi Popularreko presidenteak, baieztatu du, bileran Gobernuak planteatzen dituen neurriak zehatzago ezagutzeko aukera izan duela, eta ikuspegia oso positiboa dela jakinarazi du.

Amaitzeko, EAJko bozeramaile den Joseba Diez de Antxustegik adierazi du, etxeko lanak egiten ari direla Euskadik edozein ziurgabetasun ekonomikori tresna onenekin aurre egin diezaion. Era berean, lehendakariaren lidergoa nabarmendu du.