16 ABR. 2025 - 16:02h Osalanek eskainitako ikastaro batean izandako jarrerak salatu ditu LABek Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR LAB sindikatuak salatu du Osalanek emandako ikastaro batean jarrera matxistak, arrazistak eta antisindikalak izan direla. Jarrera hauek azaroaren 19an eman ziren azpikontratatutako enpresa bateko irakasle baten eskutik. Sindikatuak jakinarazi du, aipatutako iruzkinez gain, irakasleak droga kontsumoari erreferentzia egin ziola ikastaroan zehar, baita ere, espetxeetan ematen diren sexu harreman homosexualei eta emakumeekiko zituen aurreiritziak agerian utzi zituela. Bere kontakizun pertsonalak eta iritzi politikoak eman zituela ohartarazi dute, ikastaroan landu beharreko edukia alde batera utziz. Izan ere, LAB sindikatuaren iritziz, Osalan gertatutakoa ezkutatzen saiatzen ari da. Azaldu dutenez, Osalani gertatutakoaren berri emandakoan, azpikontratatutako enpresak ikastaroan arazorik ez zela egon esan ziela adierazi zuten, are gehiago, ikasturtean bertan egin omen ziren 17 inkesta aurkeztu zituzten. Inkestetan jasotakoa bizitakoarekin bat ez zetorrela jakinarazi zuten ikastaroan egondako LABeko delegatuek, ziurtatu zuten gainera, eurek ez zutela inkestarik bete. Hau, ikastaroan egondako beste sindikatu bateko delegatu batekin kontrastatu ondoren, irakasleak galdetegirik ez zuela egin argi geratu zela adierazi du LABek. Halaber, ordutik hiru hilabete igaro direnean ordezkari sindikalek Osalanetik inkestak bete ditzaten eskaria jaso dutela adierazi du LABek, honek, euren ustez, agerian uzten ditu ikastaroan izandako gehiegikeriak. Gauzak horrela, Jaurlaritzak lan osasuna kudeatzeko duen modua salatu du sindikatuak eta gertatutakoak erantzukizun politikoak dituela ohartarazi du.