HAMAIKA

Gutxieneko soldata propioa izateko sinadura bilketa abiatu dute sindikatuek

Este navegador no soporta el elemento video.


ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propioa izateko sinadura bilketa abiatu dute. Helburua, azaldu dutenez, sinadura bilketa mobilizazio erraldoi bilakatzea da, horregatik, Hego Euskal Herriko langile guztiak deitu dituzte euren sinadura ematera. Sindikatuek gutxieneko soldata propioa 1500 eurokoa izatea adostu dute.

Garbiñe Aranburu LAB Sindikatuko koordinatzaile orokorrak Hamaika Telebistan egindako elkarrizketan Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izatearen garrantzia azpimarratu du.

Astearte honetan agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean, han aurkeztu baitute herri ekinaldia, eta hura babesteko sinadura bilketa ezinbestekoa da. Hauek jaso eta gero, neurria onartu beharko litzateke eta horrela izanez gero, gauza bera egin beharko litzateke Espainiako Kongresuan. EAEn ekimenak bere bidea egingo duen arren, Nafarroan, Parlamentuko mahaiak tramitera ere ez du onartu. Horren aurrean, sindikatuek helegitea aurkeztu eta sinadurak erabiltzeko asmoa dute alderdi politikoek gaia parlamentura eraman dezatela exijitzeko.

Sindikatuen nahia, jakinarazi dutenaren arabera, “beren errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata ezartzeko eskumena” izatea da, eta Espainiar estatuan dagoena baino handiagoa izatea eskatzen dute. Aldarrikapen hori izango da ELAk eta LABek, Maiatzaren Lehenenean ardatz izango dutena. Lanbide arteko akordio bat lortzen ere saiatu dira sindikatuak, baina, Confebask eta CEN ez datoz bat aukera horrekin. Beraz, bildutako sinadurak bi patronalei ere aurkeztuko dizkietela adierazi dute.