06 JUN. 2025 - 16:36h Gasteizko Udalak erroldatzeko jartzen dituen oztopoak salatzeko manifestazioa egin dute Jendetza bildu da Erroldarik gabe izaterik ez! plataformak ostegun arratsaldean egindako manifestazioan. Horretan, Gasteizko Udalak bizilagunei errolda emateko dituen legez kanpoko gehiegizko baldintzak salatu dituzte. Jakinarazi dute, Udalak ehunka pertsonari oztopatu diola erroldatzeko eskubidea. Manifestazioan erroldatzea jabeen esku uzten duen politika bertan behera gera dadila eskatu dute, eta inolako baldintzarik gabe erroldatzeko eskubidea aldarrikatu dute.Erroldarik gabe izaterik ez-eko kideek azaldu dutenez, Udalak erroldatzeko dituen politikek bizilagunek beharrezkoak dituzten osasun-tratamenduetarako sarbidea ukatzea eragin dute. Ohartarazi dute, Alde Zaharreko auzokide batek ezin izan duela haurdunaldia bertan behera utzi errolda ukatu zaiolako. Gasteizko auzokideek bizi izandako beste kasu batzuen berri ere eman dute, esaterako Adurtzako bizilagun batek behar baino urte gehiago itxaron behar izan dituela bere administrazio-egoera erregularizatzeko, edo Zabalganako auzokide batek lan baimenik ez duela Udalak errolda ukatu diolako.2023an eman zioten hasiera kanpaina honi, errolda eskubide eta betebehar bat dela aldarrikatzeko. Izan ere, adierazi dutenez, zapalkuntza eta esplotazio egoeretan dauden pertsonak dira neurri hauek jasaten dituztenak, atzerritarrei buruzko Lege kriminalaren ondorioz egoera administratibo irregularrean daudenak. Azpimarratu dute, legearen arabera pertsona oro bizi den udalerrian erroldatuta egon behar duela eta Gasteizko Udalak oinarrizko eskubide hori urratzen ari dela.