01 JUL. 2025 - 10:00h Basque Segurtasun Foroa urtebeteko prozesua izango dela jakinarazi du Zupiriak Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Bilboko Euskalduna Jauregian eman diote hasiera Basque Segurtasun Foroari, Segurtasun Integralaren kontzeptuari buruzko hausnarketa estrategikoaren prozesuari. Basque Segurtasun Foroak urtebete iraungo du, eta 2026-2030 eperako segurtasun planaren oinarriak jartzea du xede. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak sustatuko du eta horretarako, beharrezko eragile guztien inplikazioa lortzen saiatuko da, Segurtasun Integralari eta euskal gizarteak hainbat esparrutan, hala nola justizian, zibersegurtasunean, ekitaldi jendetsu handietan, autobabesean, larrialdi klimatikoetan, enpresen segurtasunean edo herritarren segurtasunean, aurre egin beharko dien erronkei buruzko diagnostiko partekatu bat lortzeko. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak segurtasunaren eztabaida "konplexurik eta taburik gabe" irekitzeko deia egin du, hainbat esparrutan segurtasun integrala lortzeko, ongizatea arriskuan jar ditzaketen egoerak prebenitzeko, geldiarazteko eta horiei aurre egiteko prest egoteagatik". Bestalde, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak jakitera eman du Basque Segurtasun Foroa urtebeteko prozesua izango dela, eta Segurtasun Sailak 31 saio antolatuko dituela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta ertzain-etxeak dauden 24 eskualdeetan. Hala, bilerak egingo ditu hainbat eskualde eta udalerritan, eta, tokiko eta lurraldeko erakundeekin eta gizarte-, hezkuntza- eta ekonomia-eragileekin batera, segurtasun integralari buruz hausnartuko eta eztabaidatuko du. Hurrengo bilera uztailaren 9an izango da Sodupen, eta bertan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila Enkarterriko eskualdeko erakunde, eragile eta ordezkariekin elkartuko da.