21 JUL. 2025 - 17:11h Euskararen aurkako azken epaia salatzeko protesta egin dute Euskal Herriko hainbat udaletxetan Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Larunbatean, UEMAk deituta, protestak egin dituzte Euskal Herriko ia 100 udaletxetan. Hauen helburua, euskararen aurkako azken epaia salatzea izan da. Azaldu dutenez, hemendik aurrera, udalek ez dute ia tresnarik izango euskara lehenesteko eta larritzat jo dute Auzitegi Gorenak Udal Legearen aurka emandako azken epaia. Milaka izan dira protesta egitera atera diren ordezkari politiko, sozial eta herritarrak. Izan ere, Auzitegi Gorenak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionalari eta administratiboari buruz emandako dekretuaren zenbait artikuluren deuseztasuna. Era berean, baliogabetu egiten ditu udalei edozein herritar euskaraz artatzeko eta ondoren, hark aukeratutako hizkuntzan jarraitzeko eta gailu automatikoetako mezuetan lehenik euskara erabiltzeko eskatzen zieten artikuluak. UEMAko lehendakariak euskarak lege-babesa eta euskal herritarrek justizia behar dutela azpimarratu du, eta beraz, klase politikoari eta gizarteari elkarrekin jarduteko deia egin die. Gauzak horrela, lehendakariak adierazi du euskalgintzak hurrengo asteetarako prestatuko dituen mobilizazioekin bat egingo duela eta protestetan egon diren udal, erakunde, euskara elkarte eta milaka herritarrei eskerrak eman dizkie.