Ortega Bretos, Ainhoa

Lau pertsona zauritu dira Larrabetzuko gurutze frankista eraisten ari zirela

Espero ez zen aldera jausi da dorrea, eta txintxorrak gainean erori zaizkie hainbat pertsonei. 1938an eraiki zuten gurutzea, Francoren Armadako soldaduen omenez.

Gaztelumendi tontorrean zegoen gurutze frankista eraitsi du Larrabetzuko Udalak uztailaren 10ean. Harrizko dorrea espero ez zen aldera jausi eta lau zauritu eragin ditu; bi gizon eta 60 urte inguruko bi emakume. Udalak aditzera eman duenez, “beharrezko segurtasun neurriak” bete ditu, eta gertatutakoa aztertuko dute teknikari eta arduradunek.

Erregimen frankistak eraiki zuen gurutzea 1938an, bere hildakoen omenez. Dorrearen egoera nahiko arriskutsua zela adierazi du Larrabetzuko Udalak, urteetan jendeak harriak kendu baititu bertatik. Apirilaren 26an erabaki zuen eraistea, azaldu duenez, bere tokian nazionalen aurka borrokatu zuten gudarien omenezko plaka bat jarriko dute.