GUREAN GAUR

EAErako estatus berrirako, erabakitzea gakoa, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosentzat

Erabakitzeko eskubidea. Horixe izan da Gasteizko Legebiltzarrean egiten ari diren autogobernu ponentziara, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, nork bere erara, eramandako proposamenen gakoa. EAErako estatus politiko berri baterako proposamenak aurkeztu dituzte alderdi guztiek, eta hiru alderdi horiek aipamena egin diote erabakitzeko eskubideari testuetan. EAJk estatus politiko berri bat proposatu du, "hausturarik" gabe eta aldebiko akordioa lortuta. EH Bilduk "berdinetik berdinerako" harremana nahi du Espainiarekin. Elkarrekin Podemosek, berriz, estatutu berri bat behar dela dio. Itun berriak "politikoki indartsua" izan behar duela dio, eta nazio izaera eta eskubide historikoak bermatu beharko dituela. Beste aldean, PSEk ordenamendu juridikoa errespetatzeko eskatu du, eta PPk erabakitzeko eskubidea arbuiatzeko. Alderdiek proposamenak aurkeztuta, lantaldeko koordinatzaileari sintesia egiteko eskatu diote, eta bi aste barru bilduko dira berriro.