GUREAN GAUR

Sara Majarenas: "Itxaropen faltsua izan eta askatasunez erabaki ezina egin zait gogorrena"

Izar alaba, haren aitak eraso eginda, hil ala biziko egoeran geratu eta hamalau hilabetera, apirilaren 9an geratu zen aske Sara Majarenas. Haren kasu pertsonalak eragindakoa kontatzeaz gain, EPPKren prozesuaz eta gatazkaren konponbideaz hitz egin du Majarenasek Hamaika Telebistarekin, Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira.

Indarkeria matxistaren biktima izan dira ama-alabak, baina horrekin batera pairatu dute salbuespen egoeran preso egon beharra eta dispertsioa ere. Iazko urtarrilaren 15ean jaso zuen Izarrek jasandakoaren berri, eta inoiz sentitu den presoen orduan sentitu zela dio. Baina aurrez ere bazuen kezka eta jakitun zen matxismoaren biktima izaten ari zela.

Egoera are larriago egiten zuten, gainera, espetxean egoteak eta dispertsioak. Izar erasoaren ondorengo lehen egunetan oso larri egon zen eta alabarekin egoteko aukerarik txikiena ere oztopoz josia ikusten zuen Majarenasek. Hitz ematen zizkioten aurrerapenak, baina hitz hori jan egiten zutela sentitzen du eta horrek berak erabakiak hartzeko asko baldintzatu zuela.

Ama gisa, errudun sentitu da hilabete luzeetan, eta jakitun da alabaren egoera hari min egiteko baliatu dela ere. Izarri, berriz, desoreka handia eragin dio gertatu den guztiak eta Majarenas egoera kudeatzeko baliabide faltan sentitu izanda sarri.

Larunbat honetan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete 250 bat euskal preso ohik herritarrei, asteburuan Donostian egindako agerraldian. Bertan parte hartu du Majarenasek ere: bete-betean babesten duelako EPPK-k abian duen prozesua, eta bere kasuak ere konponbidean ekarpena egiten lagun dezala nahi du.

Indarkeria matxistak eta oztopo ugarik markatutako urtea izan da, orain, gertatutakoa barneratu, zauriak sendatu eta bizitzen hasi nahi luke Majarenasek, alabarekin batera. Bide batez, motxiladun haurren egoera konpontzen lagundu nahi luke.