GUREAN GAUR

Erasoa baztertuta, abusuagatik, 9 urteko zigorra, sanferminetako erasotzaileentzat

Bederatzi urteko espetxe-zigorra jarri diete 2016ko taldeko bortxaketako bost akusatuei. Sexu-abusu delituagatik zigortu dituzte eta ez sexu-eraso delituagatik. Berehalako erantzunak sorrarazi ditu ebazpenak, mugimendu feminista horren aurka azaldu da eta istiluak ere sortu dira Nafarroako Auzitegiaren aurrealdean.

Erakunde publikoetatik ere etorri da erantzuna. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du errekurtsoa jarriko diola epaiari. Maria Solana bozeramailearen hitzetan, kezkatuta daude, bortxaketa egon dela argi dute eta elkartasuna adierazi diote biktimari.

EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek, bere aldetik, esan du epaiak garrantzia kentzen diola emakumeen aurkako indarkeriari. Sistema judizialak indarkeria hori mantentzen duela salatu du.

Eusko Jaurlaritzak ere egin du epaiaren balorazioa. Zehazki, Josu Erkoreka bozeramaileak esan du ez dutela ebazpena partekatzen eta iruditzen zaiola kontzientziatuta dagoen gizartearen gehiengoak ere ez duela ulertuko.