GUREAN GAUR

Gernikako arbola eta Hiroshimakoa senidetuta

Hiroshimako bonbardaketatik bizirik atera zen Ginkgo Biloba zuhaitz baten kimua landatu dute asteburuan Gernikan, bonbardaketaren 81. urtemugaren harira egindako ekitaldi batean.

Kazumi Matsui Hiroshimako alkatea, Jose Mari Gorroño Gernikako alkatea eta Unai Rementeria Bizkaiko Diputatu Nagusia ekitaldian izan dira, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurekin batera. Mayors for Peace elkarteko ordezkariak ere izan dira bertan.

Gernikako bonbardaketa eta Hiroshimako sarraski nuklearra salatu ditu Urkulluk ekitaldian, eta "gerraren kontrako eta mundu guztiko bakearen aldeko mezu erradikala" zabaldu behar dela esan du. Hala, Gernikako arbola eta Hiroshimakoa senidetzearen garrantzia nabarmendu du.

Matsui Hiroshimako alkateak, bere aldetik, desiratu du landatutako zuhaitzak Euskal Herrian sustraiak bota ditzala eta bakearen sinbolo bilaka dadila.