GUREAN GAUR

Ziklo itxieraren berri eman die ETAk hainbat erakunderi

ETAk bere zikloaren berri emanez gutun bat bidali die instituzio eta ordezkari politikoei. Eskutitzean, erakundeak amaitutzat eman du 2010ean hasitako prozesua. Hori bai, nabarmendu du gatazka ez zela ETAren sorrerarekin hasi, eta ez dela ETA desegitean amaituko.

Azken urteetan gatazka amaitzeko egindako ahaleginak hutsean amaitu direla dio idatziak, eta erantzukizunaren zati bat bere gain hartzen du erakundeak. Gatazka behin betiko amaitzeko aukera gisa aurkezten du honakoa taldeak, eta etorkizuna "elkarlanean" eraikitzeko deia egiten dio euskal gizarteari.

Gaur jakin dugu, bestalde, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu ere harremanetan jarri dela Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideekin gutun bidez. Eskerrak eman dizkie egindako lanagatik, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu duenez. 

Horrez gain, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ETAren azken adierazpenaren balorazio bateratua egiteko aukera aztertzen arituko lirateke. Hala iradoki dute Erkorekak berak eta Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak.