GUREAN GAUR

Quim Torra, Generalitateko presidente berria

Espainiako Gobernuak Kataluniakoa bertan behera utzi zuenetik urte erdia pasatxo igarota, Quim Torra izendatu dute Generalitateko 131. presidente.

Oposiziotik, aurreikus zitekeenez, kritika gogorak etorri dira Torraren aurka. Ciutadanseko Ines Arrimadasek iraganera itzuli nahi izatea leporatu die independentistei. Catalunya en Comu-Podemeko Xavier Domenechek, aldiz, independentistei esan die gauzak beste era batera egin behar zituztela. Torraren inbestiduran berebiziko garrantzia izan du CUPeko parlamentariek emandako abstentzioak, horri esker, boto bategatik gailendu delako hautagaia bigarren bozketan. Edonola ere, CUPekoek argi utzi diote oposizio aktiboa egiteko asmoa dutela.

Generalitateko presidentea izendatu izanaren balorazio positiboa egin du, besteak beste, ERCko Ernest Maragallek. Eta gurean adierazi du, aukera bat zabaldu zaiela katalanei, baina baita Espainiako Gobernuari ere.

Azkenik, Omnium Culturaleko Marcel Maurik nabarmendu du oraindik salbuespen egoeran daudela, eta errepresioak irauten duen artean ez dutela normaltasun demokratikorik berreskuratuko.