GUREAN GAUR

Landetan 'Naparra' bilatzen segitzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Joxe Migel Etxeberria Naparra berriro bilatzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, senideen abokatuaren helegite bat onartuta. Horrez gain, auzitegiak eskatu du iker dadila ustezko CESIDeko kide ohi Arnau de la Nuezen inguruan ere. Izan ere, haren pistarekin iritsi ziren Naparra Landetan egon daitekeen ondoriora, alegia, hark Iñaki Errazkin kazetariari emandako informazioari tiraka.

Iaz Landetako eremu batean egindako bilaketan arrastorik topatu ez zutelako, auzia artxibatzea erabaki zuen Ismael Moreno epaileak. Horren aurrean, ordea, diligentzia berriak irekitzeko eskatu zuen familiak, eta hori onartuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak Morenori agindu dio Frantziari eskatzeko araka ditzala beste lursail batzuk. Iñigo Iruin Naparraren familiaren abokatuak argi esan du Espainiako Auzitegi Nazionalak arrazoi eman diela.

Iruinek ez du zehaztu noiz egingo dituzten bilaketa lanak, orain Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Mont de Marsango Instrukzio Auzitegiak egin behar dituztelako izapideak. Eneko Etxeberria Naparraren anaiak, berriz, aitortu du aurreko bilaketa lanetan Naparraren arrastorik ez topatzeak "itxaropena zapuztu" ziela, baina orain "poz handia" izan dela auzitegiaren erabakiaren berri izatea.

1980ko ekainaren 11tik ez dago Naparraren berririk. Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zen, eta egun horretan hitzordu bat zuen Ziburun, baina ez zen agertu. BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa.

Beraz, desagertu zenetik ia 38 urtera etorri da diligentzia berriak irekitzeko aukera auzian. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu du iker dadila ustezko CESIDeko kide ohi Arnau de la Nuezen inguruan ere. Izan ere, haren pistarekin iritsi ziren Naparra Landetan egon daitekeen ondoriora, alegia, hark Iñaki Errazkin kazetariari emandako informazioari tiraka. Iruinen hitzetan, Naparraren auziaz gain, historia osatzeko gakoa eskain dezake haren deklarazioak.

Naparraren senideek, behintzat, argi daukate egia dela haiek nahi dutena, eta bizikidetza lantzeko beharrezkoa dela memoria osoa berreskuratzea.